21 udalerrik bat egin dute Gourmet Bag ekimenarekin
10 Uzt 2023 | Ekonomia Zirkularra“Gourment Bag” Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen eta Impact Hub Donostiaren erronka partekatuaren aurrean sorturiko egitasmoa da, HORECA sektorean elikagaien xahutzea murrizteko helburuarekin. Lurraldeko hiri-hondakinen, ekonomia zirkularraren eta hondakinen hierarkiaren kudeaketa plangintzarekin bat datorren proposamena da.
Bosgarren edizio honetan, kanpaina Gipuzkoako bost udalerri berritara iritsi da; horrela, guztira, 21 udalerrik bat egin dute Gourmet Bag ekimenarekin 2018an hasi zenetik.
“Gourmet Bag” kanpainek herritarren sentsibilizazioa sustatzen dute, aisia gastronomikoaren kudeaketa arduratsuan arreta jarriz eta plateraren soberakinak etxera eramateko aukera eskainiz.. Gainera, Gourmet Bag kanpainaren helburua da establezimenduetan ohikoak diren plastikozko ontzien ordez beste ontzi biodegradagarri batzuk jartzea.
Aurtengo edizioan, proiektuak 25 establezimendu berri hartuko ditu, Elgoibar, Zumarraga, Ordizia, Legazpi eta Oñatiko udalerrietan kokatuak. Horien artean, establezimendu bakoitzean, paper birziklatuz egindako eta mikrouhin-laberako egokiak diren 80 ontzi ekologiko banatu dira, 80 paper-poltsarekin batera. Gainera, Gourmet Bag % 100 biodegradagarria eta konpostagarria den materialez osatuta dago.
Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak bultzatzen du, eta Impact Hub Donostiak gauzatzen du, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin lankidetzan. Agenteen arteko aliantza horren ondorioz, dagoeneko 112 taberna eta jatetxe inguruk bat egin dute elikagaien xahutzea murrizteko erronkarekin, “Eramandako jakia ez da soberakina” lelopean.
Elikagaiak xahutzea ingurumen-arazo bat da, krisi klimatikoa larriagotzen duena, eta, gainera, etikoki inmorala eta sozialki bidegabea den arazo bat da.
Gourmet Bag ekimen irekia da eta interesa duten establezimendu guztiak jar daitezke harremanetan Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin edo Impact Hub Donostiarekin.