Ekin eta Ekin Gazte Ekoliderrekin

15 Mar 2023 | Ekintzailetza, Ekonomia Zirkularra

Joan den ostiral eta larunbatean Nerea Gonzalez eta Joxean Hernandez Gazte Ekoliderrak programako EKIN prozesua bideratzen aritu ginen Uliako Interpretazio Zentroan. 

Gazte Ekoliderrak Kutxa Ekoguneak lideratutako jasangarritasunean eta eraldaketarako lidergoan oinarritzen den formakuntza eta bizitzarako ibilbidea da. Hiru dimentsio lantzen ditu: Trebatu, Ekin eta Izan. Guztira 15 pertsonek parte hartu dute eta lau proiektu garatu dira.

EKIN programaren helburua gazte ekoliderrei ideietatik ekintzetara pasatzen laguntzea da, taldean lan eginez eta gizarteko erronka ezberdinei irtenbideak emateko jasangarritasuna oinarri izanik. Horretarako metodologia berritzaileak erabili genituen, U Teoria, Double Diamond eta Design Thinking-ean oinarritutako teknika ezberdinak, hain zuzen ere.

Ostiraleko helburua erronka finkatzeko tresnak lantzea izan zen. Horretarako, ikerketa eta analisirako datuak eta inspirazio kasuak aztertzea proposatu genien dinamika ezberdinen bidez. Honek erronkak hobeto ulertu eta kokatzeko aukera eman zien ekoliderrei. Amaitzeko, lehen ideiak sortu eta horietatik onenak edota egingarrienak sailkatu zituzten.

Larunbatean, egun berezia izan genuen. Goizean balio proposamena  eta lehen kontzeptuaren diseinua landu ziren, eta 3D mapaketaren bitartez diseinatutako lau kontzeptuak prototipatu zituzten. Arratsaldean, akzio plana eta salmentarako lehen eredua sortu ziren, prozesuari itxiera emanez.

Intentsitate handiko bi egun izan dira eta gazteen motibazioa izugarria izan da asteburu osoan zehar. Orain, sortutako irtenbideak balidatzeko momentua dute. Emaitzak maiatzaren 6an ikusiko ditugu. Mila esker guztioi!

Partekatu artikulu hau hemen Linkedin, Twitter, Facebook