Laugarren edizio honetan, Andoainekin, dagoeneko 16 dira Gourmet Bag ekimenari atxikitako Gipuzkoako udalerriak. Ekimen horretan, establezimenduek ontzi ekologikoak banatzen dituzte, Gipuzkoako ostalaritzan elikagaien xahutzea murrizteko.

Andoaingo alkate Maider Lainezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusi Kino Martínezek eta Impact Hub Donostiako koordinatzaile Aitor Morenok gaur goizean aurkeztu dute Ingurumen Departamentuak 2018an sustatutako proiektuaren laugarren edizioa. Proiektuaren helburua da jatetxeetan eskatzen den janari guztia kontsumitzen ez denean gertatzen den elikagaien xahutzea saihestea.

Gipuzkoako 11 udalerritan (Donostia, Eibar, Arrasate, Beasain, Zarautz, Lasarte, Hernani, Errenteria, Oiartzun, Pasaia eta Irun) dagoeneko finkatuta dagoen ekimen horri beste bost udalerri gehitu zaizkio edizio honetan: Andoain, Azpeitia, Azkoitia, Bergara eta Hondarribia. Guztira, 100 izango dira kanpainari atxikitako establezimenduak. Andoainen, honako hauek dira parte hartzen duten establezimenduak: Hiru jatetxea, Traiñerum jatetxea, Txalaka taberna, Leitzaran jatetxea eta Boo taberna. 

 

Ekimenak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin eta Impact Hub Donostiarekin koordinatuta, jatetxeetan jaten duten pertsonen esku jartzen ditu ontzi batzuk edo Gourmet Bag delakoak soberako anoak etxera eraman ahal izateko. Gourmet Bag-ak ontzi ekologikoak dira, paper birziklatuarekin egindakoak, eta mikrouhinean sartzeko modukoak. Halaber, tuper horiek konpostagarriak eta erabat biodegradagarriak direnez, erabiltzaileek edukiontzi marroira bota ahal izango dituzte. 

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, elikagaien xahutzearen aurkako borroka lan-ildo garrantzitsua da klima aldaketaren aurkako borrokan: «Elikagaien industria berotegi-efektuko gasen munduko isurien heren bat da eta, horregatik, ezinbestekoa da elikagaien xahutzeari lehen mailako arazo gisa heltzea krisi klimatikoari aurre egiteko. Hala, “Gourment Bag” ekimena elikagaien xahutzea murrizteko erronkari erantzuteko sortu da, lurraldeko hiri hondakinen, ekonomia zirkularraren eta hondakinen hierarkiaren kudeaketari buruzko plangintzarekin bat eginez. «Gipuzkoan xahutzen diren 123.000 tonetatik % 17 Horeca sektorekoak dira, eta horregatik egin behar ditugu horrelako ekimenak gure emisioak murrizteko. Elikagaiak xahutzea krisi klimatikoa larriagotzen duen ingurumen arazoa da, eta, gainera, etikoki immorala eta sozialki bidegabea den arazoa da».

Maider Lainez Andoaingo alkateak adierazi duenez, “horrelako ekimen errazak funtsezkoak dira elikagaien xahutzea murrizteko eta sukaldarien eta kontsumitzaileen kontzientziazioan laguntzeko. Gero eta kontsumitzaile gehiago gaude ingurumenarekin konprometituta, eta, beraz, oso albiste ona da jakitea Andoaingo bost establezimenduk bat egiten dutela kanpaina honekin eta etxera eramateko ontzi ekologikoak eskainiko dituztela, bezeroak eskatutako platera osorik jaten ez duenean.

Gaur 5 establezimendurekin hasi gara, eta eskerrak eman nahi dizkiet haien inplikazio, kontzientziazio eta lankidetzagatik, eta, bide batez, beste establezimendu batzuk animatu nahi ditut urrats hori ematera, guztion artean Andoain berdeago eta jasangarriago bat eraikitzen jarraitzeko”. 

Kino Martínez Gipuzkoa Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, «establezimendu gehienek ez dute datu errealik xahutzen diren elikagaien kopuruari buruz. Hala ere, kalkulatzen da ostalaritza establezimenduen % 10 inguruk politika edo konpromiso esplizitua duela, gehienetan, jantokian sortzen den elikagaien xahutzea murrizteko. Hau da, bezeroak platera amaitzen ez duenean eta, ondorioz, platera kendu behar denean». Era berean, Martínezek gogorarazi du, elikagaien xahutzea murrizteko neurrien artean, ostalariek menu edo anoa erdiak eskaintzen dituztela beren kartan, eta soberako elikagaiak langileei ematen dizkietela lanaldiaren amaieran.

Kanpainak kontsumitzaileei zuzendutako kontzientziazio izaera argia du, eta tuperraz gain, informazioa ere emango zaie, elikagaien xahutzearen aurka konprometituta eta kanpainari atxikita dauden establezimenduak identifikatu ahal izateko.

Gourmet Bag-en laugarren edizio honetan, 2.000 ontzi jarri dira zirkulazioan, eta, informazio materiala bezala, doan jarri dituzte establezimenduen eskura. Halaber, ekimenean parte hartzen duten establezimenduetako arduradunei eta zerbitzariei zuzendutako tailerra antolatu da, gai honen inguruan sentsibilizatu daitezen eta zentro aktibo gisa koka daitezen elikagaien xahutzearen aurkako borrokan. Gainera, standak eta informazio kartelak jarri dira establezimenduetan bertan, eta, ekimena ezarriko den hiru hilabeteetan, telefono bidezko zein aurrez aurreko zerbitzu bat eskainiko da establezimenduei euskarria emateko eta kanpaina garatzeko behar duten guztian laguntzeko.

Gourmet Bag ekimen irekia da, eta proiektu horretan interesa duten establezimendu guztiak harremanetan jar daitezke Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin edo Impact Hub Donostiarekin.