Lagunduko gaituzu? Bozkatu Lin Lerroak! “Ideiak 2022”

30 Mai 2022 | Impact Hub Donostia

Proiektu oso berezi bat garatzen lagunduko gaituzu? Impact Hub Donostiatik Lin Lerroan proiektua aurkeztu dugu (lihoaren inguruko ibilaldia), “Ideiak 2022” prozesu parte-hartzailean.

“Ideiak 2022” Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Pirinio Atlantikoetatik sustaturiko prozesua da, mugaren alde bietako biztanleen eguneroko bizitza hobetzera bideratutako proiektu zehatzak gauzatzeko laguntzak ematera bideratuta.

Hori horrela izanik, lehen fasean, Lin Lerroan aurkeztu genuen eta, zorionez, bozketa prozesura pasatzeko aukeratua izan da. Orain, beraz, zure laguntza oso inportantea da. Gipuzkoan edo Pirinio Atlantikoan bizi bazara eta horrelako ideiak errealitate bilakatzeko interesik baduzu, zure bozka eman besterik ez duzu.

Proiektu guztiak hemen ikusiko dituzu.

Eta zure bozka hemen eman dezakezu, zuzenean.

www.gipuzkoa64.eu webgunean proiektuaren inguruko informazio guztia topatuko duzu, baina ondoren horren deskribapen bat aurreratuko dizugu.

 

LIN LERROAN. Lihoaren inguruko elkarrizketa-paseoa

Lin LERROAN elkarrizketa-paseo bat da. Ibilaldi baten bidez, lihoaren inguruko jakintza, lan-eremu (museoak, laboreak, enpresak) eta bizitza eremuak (tradizioaren zaintzaileak diren pertsonak) bisitatuko ditugu. Hegoalde eta Iparralde lotu ditzakeen labore baten inguruko elkarrizketa eta eztabaida; izan ere, lihoa  berrikuntza ekonomiko, sozial eta ingurumenezkoaren bektore da, Kantauri aldeko tokiko labore natural eta tradizionala.

Batzen gintuen lihoaren tradizio horren zati handi bat galdu bada ere, gaur egun lihoak eskain dezakeen potentzial guztia berreskuratzeko interesa itzuli da. Proiektu honen helburua da pertsonak mugetatik harago lotzen gaituzten hariak ikusaraztea; kasu honetan, lihoa da euskal kostaldeko labore tradizionala.

Aipagarria da Impact Hub Donostiak lihoarekin zerikusia duten proiektuetan eskarmentua duela, non interes komuneko harremanak sortu diren pertsonen, enpresen eta erakundeen artean, Hegoaldean eta Iparraldean.

Zeintzuk dira bere helburuak?

  • Bi lurraldeetan lihoa lantzen duten pertsonen eta erakundeen artean dauden loturak ikusaraztea, baita labore horren tradizioan giltzarri izan diren emakumeen zeregina ere.
  • Lotura horiek konektatu, indartu, eta lankidetza sustatu. Etorkizunerako interesak eta ikuspegiak partekatzea lihoaren inguruan, elkarrekin sortzen jarraitzeko.
  • Herritarrak oro har eta gazteak, bereziki, inspiratzea, lihoaren inguruan etorkizunerako aukerak ikus ditzaten.
  • Euskal Herriko lihoaren inguruko ahozko komunikazioa balioan jarri, euskara, gaztelera eta frantsesaren arteko loturak saretuta.

 

Zer iruditzen zaizu? Zure bozka oso lagungarria izango zaigu. Eman zure bozka, hemen zuzenean.

Partekatu artikulu hau hemen Linkedin, Twitter, Facebook